Gona

Gehienetan ikusten ditugun gonek gonamendelak edo petralak dituzte, beste oihal bat barrualdean, zintak, adabakiak... baina, zergatik? Gona baserrian lan egiteko erabiltzen zelako eta oso erraz apur zitekeelako. Behealdeak lurra edo sasiak ukitzen zituen, eta zati hori zen gehien gastatu, zikindu eta apurtzen zena. Kasu horietan ez zuten gona aldatzen; horren ordez, mendela erantsi edo zinta edo oihalekin errematatzen zuten. Atzealdea ere erraz higatzen zenez, adabakiak jartzen zituzten. Aurrealdea, ordea, ez zen hainbeste higatzen, mantalak ia gona osoa estaltzen baitzuen.
Gona hutsa eta mugimendurik gabea gera ez zedin, beste oihal bat jartzen zuten barrualdean, hala, gonak pisua hartu eta bizia izan zedin.
Euskal emakumeek oihal asko erabiltzen zuten. Ez zituzten lasaiera txikiko gonak erabiltzen: gonen eta azpiko gonen lasaierek beren alturaren bikoitza neurtzen zuten. Baserritarren gonak luzeak dira, ia orkatilerainokoak (baldin eta dantzatzeko ez bada). Gona aurrealdean elkartzen da, eta tolesak ditu atzeraka. Garai hartan ez zeukaten gomarik, beraz, zintekin lotzen zuten gona.
Lan egiten zeudenean, gona jaso ohi zuten, babesteko eta ez apurtzeko, baina, oro har, garai hartako emakumeek ez zuten azpiko gona erakusten.
Neguan, kotoizko gonak ez zien bero nahikorik ematen, horregatik, artilezko edo pañozko gonak janzten zituzten. Gona ezagunena gorria da, baina beste kolore batzuetakoa ere izan zitekeen. Gona horiek oso garestiak eta preziatuak ziren; askotan, arreoan zeuden, edo senargaiak emaztegaiari egiten zion oparia izaten zen.
Lehen aipatu dugun bezala, oihalak birziklatzen zituzten, horregatik erabiltzen zituzten adabakiz egindako gonak baita ere. Hala ere, badirudi inguru zehatzetan aurkitzen zirela; esaterako, Txorierrin edo Martutenen.

garazi

Azpiko gona

Azpiko gona, barruko jantzia izateaz gain, gonari bolumena emateko erabiltzen zen, eta beti janzten zuten.
Aipatu dugun moduan, laneko une zehatzetan gona babesteko jasotzen zutenean ikusten zitzaien azpiko gona, baina, oro har, garaiko emakumeek ez zuten azpiko gona erakusten.
Normalean, kotoizko bi edo hiru oihal zatirekin egiten zituzten azpiko gonak. Behealdean parpaila zuten, eta hainbat eratara apaintzen zuten; adibidez, puntilla edo alozekin. Halere, ez zituzten koloretako zintak jartzen.

Pololoak

Pololoak beti erabiltzen zituzten. Oihal zuriarekin egiten zituzten, eta, normalean, belaunaren gainean estutzen ziren. Zangoa puntilla eta alozekin apaintzen zuten, baina ez zituzten inoiz koloretako zintak jartzen.

Mantala

Mantalak gonak bezain luzeak ziren (edo 5 cm gutxiagokoak), eta ia gona osoa estaltzen zuten. Hala, lan egiten zutenean, gona babesten zuten.
Batzuetan, mantalak jasotzen zituzten, zikinak zeuden zatiak ez ikusteko; horregatik ikusi ohi ditugu mantalak jasota.
Patrikak izan zitzaketen, gonamendala edo adabakiak, parpailak… eta hainbat oihal konbinatzen zituzten, baita hariarekin apaindu ere.