Ezer baino lehen, azpimarratu nahi dugu baserritarrez janzten garenean, ez garela mozorrotzen ari. Hain zuzen ere, gure arbasoak janzten ziren moduan janzten gara; horregatik, harrotasun eta errespetu osoz jantzi behar gara.

Gure arbasoak behartsuak ziren, eta egun osoa ematen zuten baserrian lanean. Txukunak eta garbiak izateaz gain, asko zaintzen zuten janzkera. Beraz, guk ere hala egin behar dugu.

Diru askorik ez zutenez, etxean zuten guztia aprobetxatzen zuten: maindire-zatiak, mahai-zapiak… janzteko balio zien guztia erabiltzen zuten.

Oihalak erosi behar zituztenean, ez zuten aukera askorik. Merkatariak herriko dendara iristen ziren, eta hirietatik ekarritako ehunak uzten zituen. Ehunak zuntz naturalekoak izaten ziren (esaterako, kotoia edo lihoa), eta estanpatu eta kolore askotakoak ziren (marradunak, loredunak, laukidunak…). Hala ere, beltza gordetzen zuten ezkontzetarako eta dolu-aldietarako.

Erosten zituzten oihalekin eta baserrian egiten zituzten lihozko ehunekin egiten zituzten beren jantziak. Egunero erabiltzen zituzten landan, eta horretarako eginak zeuden. Ez ziren jantzi konbinatuak izaten; izan ere, lehen aipatu dugun moduan, ez zuten ehunak erosteko aukera askorik.

Gizonezkoen zein emakumezkoen jantziak aztertu baino lehen, zera gogorarazi nahi dizuegu: hitz egingo dizuegun jantziak XVIII. mendeko bigarren erdia eta XX. mendeko hasiera bitartekoetan oinarrituta daude.